Kokapen geografikoa, tamaina eta erakargarri turistikoen aniztasuna kontuan izanik, Euskadik hiru touring kategoria eskain ditzake:
- Produktu handiak. Touring honen helburua Euskadiko erakargarri nagusiak % 100ean edo ahalik eta gehien txertatzea da, bidaiariak gure lurraldearen gune adierazgarrienak ezagutzeko aukera izan dezan. Iraupen ezberdineko egonaldietara egokitzeko, zirkuituak eremu geografikoen arabera zatitu behar dira, hainbat aukera eskainiz: “Euskadi txori-bistan”, erakargarri nagusi guztiak edo ahalik eta gehien bisitatzeko aukera izanik denbora-tarte laburrean; edo “Euskadi % 100”, askotariko aukerak eskainiz eta erakargarri nagusiak A kategoriako beste batzuekin uztartuta, estaldura geografiko zabala lortuz.
- Euskadi tematikoa. Produktu handien touringean ez bezala —mistoa baita erakargarriei dagokienez—, zirkuitu hauen ardatza gai jakin bat izaten da: itsasoa, kondairak eta folklorea, enologia eta gastronomia... Beraz, touring tematikoan segmentazioa interes-kontzeptuetan oinarritzen da. Produktu handien kasuan bezalaxe, ibilbideak iraupen ezberdineko egonaldietara egokitu behar dira.
- Jomuga anitz (EH+). Kokapen geografikoa dela-eta, Euskadik modu aktiboan parte hartu behar du Europako turistek (bereziki Frantziako hegoaldekoek eta Espainiako gainerako herrialdeetakoek) Kantauri itsasoaren itsasertzean autoz egiten dituzten ibilbideetan. Produktu honen gakoa hauxe da: Euskadin egonaldia egiteko aukerak zehaztea, betiere bidaia handiago baten barruan, eta bidaiariak egin beharreko ibilbide egokienak finkatzea, erakargarri handiak amu gisa erabiliz Euskadin egonaldia luzatzeko.