Euskadi herrialde txikia da, 7.250 km2-ko azalera du, baina industrializazio-maila oso handia, Europako batez bestekoa baino handiagoa. Gure lurraldearen energia-kontsumoaren % 48 industriari dagokio; aldiz, eraikinen (etxebizitzak, dendak eta zerbitzuak) kontsumoa Europan kontsumo guztiaren % 40 den bitartean, EAEn % 20tik beherakoa da, neguan nahiz udan tenperaturak leunak direlako. Mundu osoan bezalaxe, garraiorako energia-hornidura handitu da gehien azken urteotan eta EAEko energia-kontsumo guztiaren % 33ra iritsi da dagoeneko.
Euskadiko Energia Estrategikoaren funtsa honako hau da: gure herrialdeak —energia-kontsumo handia eta baliabide natural gutxi izanik— nahikoa energia izatea kantitateari, kalitateari eta denborari dagokionez, kostu lehiakorrarekin eta ingurumenerako modu iraunkorrean.