Euskadiko Merkataritza Banaketaren Behatokiaren helburua hauxe da: Autonomia Erkidegoko merkataritza-dinamika ebaluatu eta aztertzea, sektoreari buruzko jakintza eta informazio-baliabideak bateratzeko elementu izanik, eta jakintzari dagokionez balio erantsia eragingo duten sinergiak bultzatzeko tresna ere izango da.
Horren ondorioz, Behatokiaren jarduera enpresa-sarearen lehiakortasuna hobetzera, erakunde-politiken eraginkortasuna hobetzera eta kontsumitzaileen gogobetetzea lortzera bideratuta dago.
Behatokiaren arkitektura funtzionala hiru eginkizun operatibo nagusitan banatzen da, funtsean:
- Jakintza-gordailua kudeatzea: beste instantzia batzuek, publikoak zein pribatuak, sortutako informazioa biltzea, informazio horien konexio- eta jarraipen-sistemak behar bezala antolatuta.
- Berezko jakintzak sortzea eta kudeatzea jasotako informazioa aztertuta, berezko txostenak eta azterketak eginda eta EAEko merkataritzaren sektorea eta eremua behatzeko tresnak (antenak) diseinatuta.
- Jakintza hedatzea eta ezagutaraztea, programatutako jardueren bitartez: hitzaldia, mahai-inguruak eta abar, eta argitalpenak egin eta hedatuta.
Merkataritza Banaketaren Behatokiaren antolaketa: Behatokia hiru organotan egituratua dago: Behatokiaren Osokoa edo Kontsulta Foroa, Batzorde Exekutiboa eta Idazkaritza Teknikoa.
- Behatokiaren Osokoa edo Kontsulta Foroa, ordezkaritza-organo honek lehendakaria eta hogeita hamar kide izango ditu, eta hainbat eremutako adituei eta sektoreko nahiz erakundeetako agenteei parte hartzeko aukera eta euskarria ematea ditu helburu. Behatokiaren Osokoari dagokio Merkataritza Banaketaren Sektorearen merkataritza-bilakaera aztertu eta ebaluatzeko eginkizuna betearaztea.
- Batzorde Exekutiboa: Osokoaren lanak prestatzeaz, horrek eskuordetu edo izendatzen dizkion zereginak edo eginkizunak betetzeaz eta lan-batzordeak edo –taldeak koordinatzeaz arduratuko da.
- Behatokiaren Idazkaritza Teknikoa: zeregin hauek dagozkio: kanpoko informazio-iturriak biltzea, barneko produktuak egitea, koordinazioa, agiriak gainbegiratzea, eta administrazio- eta kudeaketa-arloko laguntza ematea Osokoari eta Batzorde Exekutiboari.