Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Industria eta Berrikuntza Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera

WAI-A

Azken eguneratzea: 2007/03/09
Antzerkia, jardunaldiak, mintegiak eta dibulgazioko standak Euskadin Kontsumitzailearen Eguna ospatzeko
Hiru Lurralde Historikoetako hiriburuek datozen asteetan jarduera ugari hartuko dituzte eguna ospatzeko

Martxoaren 15ean ospatuko da Kontsumitzailearen Munduko Eguna, hots, gure kontsumo-ekintzetan babesten gaituzten eskubideen lehen deklarazioa izan zen egunaren urteurrena, duela 45 urte, hain zuzen ere. Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzak ere, aurreko urteetan bezala, bat egin du ospakizunarekin, eta hori dela-eta hainbat jarduera antolatu ditu, hurrengo astean Lurralde Historikoetako hiru hiriburuetan gauzatuko direnak.
 
Programaturiko ekintzen helburua zera da, herritarrei modu dibertigarri eta didaktikoan hurbiltzea produktuak eta zerbitzuak eskuratzeko prozesuekin loturiko alderdiak. Honako hauek dira azpimarratzekoak jarduera horien artean:
 
Antzerki-emanaldia
 
Astelehenean, goizeko 11etan, hasiko da ekitaldien programazioa Gasteizko Beñat Etxepare Antzokian, 'Kukú Bazar Antzerkia' taldearen 'Happy' lanaren emanaldiarekin, Bigarren Hezkuntzako ikasleei, elkarteei eta helduen taldeei zuzendutakoa. Umore-puntuan eta hezkuntza-alderdia nabarmenduz, gogoeta eragin nahi digu kontsumoak gure eguneroko bizitzan egiten duten presioari buruz.
 
Emaldi hori errepikatu egingo da, ordu berean, asteartean Donostian (Egiako Kultur Etxea), eta ostiralean Bilbon (Ingeniaritza Teknikoko Eskolaren Areto Nagusia). 
 
Kontsumo-jardunaldiak
 
Martxoaren 13an eta 14an Kontsumo Kontzienteari buruzko 1. Mintegian programaturiko bi saio izango dira Gasteizko Europa Jauregian; esperientziak, gogoetak eta proposamenak hurbiltzea du helburu, kontsumo arduratsuagoa, etikoagoa, solidarioagoa eta ekologikoagoa lortze aldera. Ponentzia eta tailerretan egituratuta dago mintegia, eta gizarte-erakundeei, kontsumitzaileen elkarteei, merkatariei, administrazio publikoei eta ingurunearen eta gizartearen premietara hobeto moldatzen den kontsumoa lortzeko interesatuta dauden pertsonei zuzenduta dago.
 
Martxoaren 13an, 14an eta 15ean Bilbon izango dira, Batzar Nagusien egoitzan, Kontsumoari eta Bizi Kalitateari buruzko V. Jardunaldiak; urtero garatzen den programa dugu, eta kontsumoaren alorrarekin loturiko hainbat arlo ekonomikotako ikasle eta profesionalek hartzen dute parte.
 
Oraingoan, gaur egungo hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola azalera handien eta merkataritza tradizionalaren etorkizuna, Ingurumenaren aldetik Iraunkorra den Kontsumoari buruzko Euskal Plana, familia-gainzorpetzea edo teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak kontsumo arduratsua egiteari begira.
 
Kontsumoa kalean
 
Horretaz gain, martxoaren 15ean, Kontsumitzaileen Eskubideen Munduko Egunean, Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzak herritar guztiei zabalduriko dibulgazioko standak jarriko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan. Iaz, ia 10.000 lagun hurbildu ziren kontsumoarekin loturiko arloekin informazioa eskaintzen duten karpa horietara.
 
Aurten, Kontsumo Geletan ematen diren prestakuntza-tailerren erakusketa bat eskainiko da Bilbon prestaturiko karpan, eta lehiaketa bat, hautaturiko parte-hartzaileen artean erosketa arduratsuena nork egiten duen jakiteko.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko martxoak 9