Egitekoak
-
Berrikuntzaren arloan, EAEko industria-sarearen lehiakortasun-mailaren garapena eta hobekuntza sustatzeko jardun guztiak barne hartuko dira. Horiek sustatzeko, produkzio- eta banaketa-prozesuen eraginkortasuna eta malgutasuna sustatuko da, produktu berriak garatuko dira, produktuak merkatura bideratuko dira, markak kudeatuko dira, antolamendu-sistemak eta kudeaketaren kalitatea hobetuko dira, eta pertsonen lanbide-kualifikazioa, teknikoa eta enpresa-arlokoa bultzatuko da.
-
Informazioaren eta jakintzaren gizartearen arloan, informazioaren eta jakintzaren gizartea garatzeko eta sustatzeko jardunak barne hartzen dira. Nolanahi ere, Jaurlaritzaren Lehendakariordetzak arlo horretan dituen berariazko koordinazio-eskumenak kontuan hartu behar dira.
-
Energiaren arloan, energiaren plangintzarekin zein energiaren eremuan Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren produkzioari, biltegiratzeari, garraioari, banaketari eta merkaturatzeari lotutako jardueren administrazio-kudeaketarekin zerikusia duten Sailaren jardun guztiak barne hartuko dira.
-
Meategien arloan, baliabide mineralen bilaketari, ikerketari edo ustiapenari lotutako jarduerekin eta ustiapenen segurtasunaren kontrolarekin zerikusia duten Sailaren jardun guztiak barne hartuko dira.
-
Plangintzaren eta estrategiaren arloak planak eta azterketak lantzeari eta horien jarraipena egiteari eta, bereziki, klusterren politika lantzeari eta garatzeari lotutako jardun guztiak barne hartzen ditu.
-
Zerbitzu Orokorren arloan, Sailaren barne-kudeaketari lotutako jardun guztiak barne hartuko dira.
-
Berrikuntza eta Energia sailburuordeak Industria, Merkataritza eta Turismo Saila ordezkatuko du Estatuko Administrazioak energiaren, meategien eta berrikuntzaren arloan sustatutako organoetan eta/edo batzordeetan.
-
Berrikuntza eta Energia Sailburuordetzaren mende daude, zuzenean eta hierarkikoki, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen Zuzendaritza, Energia eta Meategien Zuzendaritza, Plangintza eta Estrategia Zuzendaritza eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritza.
-
Berrikuntza eta Energia sailburuordeak bere gain hartuko ditu Teknologiako eta Industria Garapeneko sailburuordearekin koordinatzeko funtzioak, berrikuntzaren eta teknologiaren arloek bat egiten duten eremuan.
-
Berrikuntza eta Energia sailburuordea da Sailaren kontratazio-organoa, eta kontratuen ondoriozko gastua baimentzea dagokio, Dekretu honen 12. artikuluko 4. puntuan ezarritakoaren kasuan izan ezik.
-
Berrikuntza eta Energia sailburuordeak erreklamazioak ebatziko ditu eta uraren, energiaren, garraioen eta telekomunikazioen sektoreetan kontratuak egiteko prozedurei buruzko abenduaren 30eko 48/1998 Legearen 51. artikuluan ezarritako gainerako neurriak erabakiko ditu, Lege horren aplikazio-eremuan barne hartu beharreko kontratazioei eta ekainaren 16ko 2/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Herri Administrazioen Kontratuei buruzko Legearen testu bateginaren 2. artikuluko 1. idatz-zatian adierazitako kontratuei dagokienez, hots, Energiaren Euskal Erakundea / Ente Vasco de la Energía (EEE/EVE) zuzenbide pribatuko erakunde publikoarenak eta haren mendeko sozietate publikoenak, zein "Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua / Sociedad de Promoción y Reconversión Industrial" (ISEB/SPRI) sozietate publikoarenak eta haren mendeko sozietate publikoenak.
-
"Energiaren Euskal Erakundea / Ente Vasco de la Energía" (EEE/EVE) zuzenbide pribatuko erakunde publikoarekiko eta "Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua / Sociedad de Promoción y Reconversión Industrial" (ISEB/SPRI) sozietate publikoarekiko harremanak, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari atxikitako erakundeak direnez gero, Berrikuntza eta Energia Sailburuordetzaren bitartez bideratuko dira. Ildo horretan, Sailburuordetzak indarrean dagoen araudian aurreikusitako koordinazioko, ikuskapeneko eta kontroleko funtzioak beteko ditu, funtzio horiek Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuordeari edo beste organo bati berariaz esleituta daudenean izan ezik.
|