|
Cebanc-Cdea eta El Txoko del Gourmet ostalaritza-eskolak, Aiala zentroa eta Goierri Lanbide Eskola arduratuko dira ikastaroak emateaz.
|
| Sukaldaritza osasuntsua izango da ikastaroen ardatza |
Gipuzkoako lau ostalaritza-eskolek errezeta osasuntsuetan oinarritutako gastronomia ikastaroak eskainiko dituzte maiatzetik ekainera bitartean. Zortzi egunez egingo dituzte ikastorook (lau ikastaro eguneko) Donostiako Cebanc-Cdea eta El Txoko del Gourmet eskoletan, Zarauzko Aiala zentroan eta Goierri Lanbide Eskolan. Parte-hartzaileek ondo jaten ikastea da ekimenaren helburu nagusia, eta barazki eta fruten kontsumoa ere bultzatu nahi dute antolatzaileek. Pastarekin, lekaleekin eta arrozarekin uztartuko ditugu jaki horiek.
Dietetika eta nutrizio alorretako aditu batek elikadura-ohiturak hobetzeko gomendioak emango dizkie parte-hartzaileei. Horren ondoren, eskoletako irakasleak arduratuko dira plater osasuntsuak prestatzeko errezetak zehatz-mehatz azaltzeaz. Gainera, D'Elikatuz zentroak errezeta osasuntsuekin egin duen liburuxka jasoko dute ikasle guztiek.
Bestalde, ikastaroez gain askotariko jarduera bereziak antolatu dituzte: eskoletako haurrek D'Elikatuz zentroa bisitatzeko parada izango dute, eta gainera, elikaduraren, osasunaren eta jarduera fisikoaren inguruko jardunaldiak egingo dituzte azaroan. Ikastaroei amaiera bikaina emango diete Ordiziako azokan, urriaren 15ean.
|