|
1- Galdaren Renove Plana: 2003-2007 aldiko balantzea
2003. urtean, Eusko Jaurlaritzak eta gasa instalatu eta hornitzen duten Euskadiko enpresek akordio bat sinatu zuten, Autonomia Erkidegoan zeuden berogailuen eta galdaren berritzea bultzatzeko. Renove Plan horren indarraldiko bost urteren ondoren, alderdi sinatzaileek plana amaitzea erabaki zuten 2007. urtearen amaieran, haren helburuak bete zirelako.
Bost urte horietan, planarekiko erabiltzaileen harrera onari esker, Eusko Jaurlaritzak diru-laguntzetan bederatzi milioi euro baino gehiago eman du 38.000 gas-ekipo baino gehiago berritzeko. Galdara-parkearen berritze horri esker, aparatuak erretzeagatiko edo tximiniako akatsengatiko intoxikazioek nagusiki eragiten dituzten istripuen arriskua asko txikitu da. Aparatu berri gehienak estankoak dira, edo antiemokadurarako gailu bat dute; tximiniak gaizki kanporatzen badu, gailu horrek galdararen funtzionamendua saihesten du (blokeatzen du), segurtasun arrazoiak direla eta.
1.1. taula - 2003-2007ko Renove Planaren guztizko laburpena (pdf, 54 Kb)
2007. urtean, hau da, Renove Planaren indarraldiko azken urtean, berriztapenen zifrak aurreko urteetan baino handiagoak izan ziren. Guztira, 11.125 erabiltzailek parte hartu zuten planean, eta horietatik ia 9.000k galdara estankoa instalatzea aukeratu zuten, aparatu hori baita segurtasun handiena eskaintzen duena. Instalazioen % 87 Naturgas taldeko bezeroenak izan ziren.
1.2. taula - 2007ko Renove Planaren laburpena (pdf, 54 Kb)
2- Gas ikuskapenak / azterketak eta istripuak. 2007
2.1- Instalazioen ikuskapen eta azterketak
2007. urtean, gas instalazioen 165.772 ikuskapen edo azterketa egin ziren Euskadin (2006an baino % 16 gehiago). Hala ere, betetze-maila instalazio motaren araberakoa da:
-
Gas bideratua: Gas bideratuko instalazioei dagokienez, Euskadiko 478.508 guztizko bezeroen 139.160 ikuskapen egin dira (aurreko urtean baino % 3,6 gehiago), eta horrek erabateko betetze-maila dakar; izan ere, enpresa hornitzailea da erabiltzaileari abisatu behar diona eta ikuskapena egin behar duena.
-
Butano-gas botilak: Butano-gas botilei dagokienez, 18.629 azterketa egin dira Euskadiko 219.266 etxe eta lokaletan, hau da, erabiltzaile gisa erregistratuak dauden horietan (aurreko urtean baino % 5 gutxiago); hala ere, egiaz zifra hori ez da 140.000 baino handiagoa izango. Informazio-akats horren arrazoia, funtsean, honako hau da: erabiltzaileak gas-hornidura mota aldatzen duenean, ez dio bajaren berri ematen butanoa hornitzen duen enpresari, eta bere zerbitzuak jadanik erabiltzen ez dituzten pertsonak bezerotzat hartzen jarraitzen du. Datu horien kalitatea hobetzeko, datuen garbiketa bat egiteko eskatu dio Jaurlaritzak Repsol enpresari.
Jaurlaritzaren ustez, instalazio horietan egiten diren azterketen betetze-maila % 50ekoa da, erabiltzaileak berak (eta ez enpresa hornitzaileak) azterketa eskatzeko duen betebeharra dela-eta.
Hala ere, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak betetze-maila handituko dela aurreikusi du, irailaren 25etik aurrera propano-tangetatik hornitzen diren eta erabiltzaile bati baino gehiagori zerbitzua ematen dioten instalazioak gas bideratuko instalazioen irizpide berberen arabera arautzea ezartzen duen Dekretuari esker.
2.2- Instalazioen hutsuneak
Instalazioen hutsuneei dagokienez ere, hornidura motaren araberako aldeak ikusten dira:
-
Gas bideratua: Instalazio mota hauei dagokienez, 2007an egindako ikuskapenetan ez da hutsunerik aurkitu kasuen % 59,3an, eta instalazioen % 1,2an bakarrik detektatu da irregulartasun larriren bat (ikuskapenaren une berean gas-hornidura moztea eragiten duen arrisku-maila).
-
Butano-gas botilak: Butano-gas botiletako instalazioetan egindako azterketetan aurkitu da akats larrien kopururik handiena (% 9,5), batez ere instalazioak zaharrak direlako eta azterketak ez direlako egiten.
Oro har, ikuskapenetan edo azterketetan aurkitutako akats ohikoenak ia berdinak dira gas-hornidura mota desberdinetan. Horrela, akats larrien artean honako hauek daude: galdaren eta berogailuen mantentzerik eza, gasaren konbustio akastuna (karbono monoxidoa kontzentratzeko arriskua), edo galdara atmosferikoek eta ke-kanpaiek aldi berean funtzionatzea saihesten duen gailurik ez izatea, betiere bi aparatuak sukaldean daudenean. Akats larri ohikoenak honako hauek dira: konbustio arriskutsua karbono-monoxidoko oso kontzentrazio altuekin, gas-ihesak, eta gasen emokadura lokalera, hustuketa-tximiniaren funtzionamendu txarragatik.
2.3- Gas-istripuak
2007. urtean gas-instalazioetako 8 istripu gertatu ziren, eta horietatik 6 karbono-monoxidoko intoxikazioagatik gertatu ziren, aparatuaren konbustio txarrak edo keen kanporaketa-tximiniaren funtzionamendu txarrak eraginda.
Egoera txarrean dauden instalazioek eragindako istripu larri gehienak butanoko aparatuetan gertatzen dira. Hortaz, 2003tik 2007ra bitarteko aldian gertatutako 45 istripuetatik 29 butano-gasak eragin zituen. 45 istripu horien ondorioz lau pertsona hil ziren, 18 pertsonak zauri larriak izan zituzten, eta 49k zauri arinak.
Kontuan hartzen badugu Euskadin gas-bezeroak ia 660.000 direla, azken urteotan gertatu diren istripuen kopurua txikia dela esan daiteke, baina lanean jarraitu behar dugu instalazioetan arriskuak ezabatzeko. Horregatik, oso garrantzitsua da azterketak edo ikuskapenak egitea, aparatuak mantentzea eta aurkitzen diren akatsak zuzentzea, izan ere, pertsonen segurtasuna jokoan baitago.
2.4- Gas-azterketen 2007 eta 2008ko kontrol-kanpaina
2007. urtean, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak ikuskapen aleatorioen kanpaina bat egin zuen butano-botilekin hornitutako instalazioetan gas-azterketak egiten zirela kontrolatzeko; izan ere, adierazi dugunez, azterketa egiteko betebeharraren betetze-maila % 50era baino ez da iristen.
Horrela, iaz 23.065 gutun bidali zitzaien dagozkion azterketak egin ez zituzten erabiltzaileei; erabiltzaile horiek honako udalerri hauetakoak ziren: Laudio, Portugalete, Barakaldo, Sestao, Erandio, Santurtzi, Getxo, Irun, Pasaia eta Zarautz. Gutunak bidali aurretik, 9.688 erabiltzaile baztertu ziren, egun gas naturala erabiltzen dutenak, baina iraganean butano-gasa erabiltzen zutenak. Gainera, bidalitako gutunetatik 5.344 itzuli egin ziren, hartzailea ezezaguna izateagatik.
Gero, 329 kontrol egin ziren, abisatuak izan ondoren, erabiltzaileek beren instalazioen azterketa egin ote zuten egiaztatzeko, eta egun, 253 kasutan ez da azterketa egin; hortaz, berriz ere erabiltzaile horiei abisatu zaie, eta azkenik azterketa ez badute egiten, 300 euroko isuna ezarriko zaie.
Aurten, kontrol horien eraginkortasuna aintzat hartuta, antzeko kanpaina bat egingo da beste udalerri batzuetan.
3- Gas eta berokuntza instalazioen araudiaren aldaketak
Joan den urteko martxoan, indarrean jarri zen gasaren estatu mailako Araudi berria, eta 2008ko martxoaren hasieran, berokuntza, klimatizazio eta ur bero sanitarioko instalazioentzako beste Araudi bat.
Araudi berri horien ondorioz, gas-erabiltzaileen kasuan erabiltzen ziren irizpideetan aldaketa batzuk egingo dira:
- Eraikinaren estalkitik keak kanporatu ezin dituzten eta fatxadatik kanporatu behar dituzten eraikinetan instalatzen diren galdara berriek gas kutsakorren kanporaketa urrikoak izan beharko dute.
Ohikoena da galdara mota horiek "kondentsaziokoak izatea". Galdara horiek eraginkorragoak dira, konbustioa hobetzen dutelako eta keen beroa aprobetxatzen dutelako, eta horri esker keetatik gas kutsakorrak ezabatzen dira eta energia-eraginkortasuna hobetzen da, hustutako ke horiek gehiago ikusten diren arren, ur-lurrun asko daukatelako. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak kondentsazioko galdara horiek instalatzea gomendatzen du, bai instalazio kolektiboetan, bai indibidualetan, izan ere, energia aurrezten dutelako eta ingurumenarentzat hobeak direlako.
Gas nahiz gasolioko erabiltzaile guztientzat:
- Instalazioak ikuskatu egin beharko dira, horien energia-eraginkortasuna berrikusteko. Mantentzea egiten duen enpresa berberak egingo ditu etxeko instalazioen ikuskapen horiek, eta mantentze-programaren barruan gaineratuko dira, gutxienez bi urtean behin.
1. eranskina - 2007an egindako gas ikuskapen eta azterketen datuak (pdf, 111 Kb)
2. eranskina - Gas-instalazioetako istripuen zerrenda 2003tik aurrera (pdf, 121 Kb)
Vitoria-Gasteiz, 2008ko apirilaren 30a
|