|
Aurreko urteetan bezala, Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzak ospakizun horrekin bat egin du hainbat jarduera antolatuta, herritarrei ondasunak eta zerbitzuak eskuratzearekin loturiko alderdiei buruzko informazioa hurbiltze aldera, askotariko jardueren bidez.
Esate baterako, gaur egun osoan, kontsumoari buruzko informazioa eskuratu ahal izango dute Bilbon, Gasteizen eta Donostian jarritako dibulgazioko standetan, eta horretaz gain, Kontsumo Gelen bidez eskaintzen diren zenbait prestakuntza-tailerren erakustaldiak ere egingo dira stand horietan. Donostia, gainera, proba bat antolatuko dugu Internet bidez erosketak hobekien nork egiten dituen jakiteko, betiere aldez aurretik aukeratutako parte-hartzaileen artetik.
Kontsumitzaileen informazioaren eta prestakuntzaren alde Eusko Jaurlaritzak egiten duen apustuaren baitan sartzen dira jarduera horiek guztiak.
Erreklamazioak eta zehapen-espedienteak 2007. urtean
2007an, Euskadin guztira 19.911 erreklamazio izapidetu ziren, kontsumoarekin loturik, eta horietatik 9.015 Merkataritza eta Turismo Sailaren Lurralde Bulegoetan jaso ziren. Kopuru horrek % 10eko igoera dakar 2006an jasotako erreklamazioekin alderatuta.
Sektorearen arabera, aurten ere telekomunikazioen sektorea da erreklamazio gehien eragin duen jarduera, erreklamazio guztien % 30,33rekin; iazko kopurua % 6 handitu da. Bigarren postuan garraioa dago, bereziki aire-garraioa, eta horren atzetik etxetresna elektrikoen eta informatikako produktuen salmenta eta konponketa, ibilgailuen sektorea eta turismoa.
Zehapen-espedienteei dagokienez, iaz 185 espediente ireki ziren Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzaren bidez.
Ikuskapen-jardunak
Sor litezkeen kontsumo-gatazkak konpontzeaz gain, oso garrantzitsua da kontsumitzailearen eskura dauden produktu eta zerbitzuek legez eskatutako baldintzak (segurtasunari eta informazioari buruzko baldintzak) betetzen dituztela egiaztatzea. Merkatua kontrolatzeko, hainbat ikuskapen-jardun burutzen dira, osasuna edo segurtasuna arriskuan jar dezaketen produktuak identifikatu, ibilgetu eta merkatutik kentzeko.
2007an, Eusko Jaurlaritzak 5.157 ikuskapen-jardun burutu zituen guztira: programatutako kanpainak (1.111), kontsumitzaileen erreklamazio edo salaketen aurrean (2.707), eta Alerta Sarean bildutako produktu irregularrak agertzeagatik (1.057).
Taula: ikuskapen jardunak arrazoiaren eta Lurralde Historikoaren arabera (2007) (pdf, 22 Kb)
Alerta sarea
Alerta Sarea informazioa elkartrukatzeko sistema bat da; hain zuzen ere, merkatuak kontrolatzeko ardura duten erakundeen arteko sistema, eta horri esker, kontsumitzaileen osasuna arriskuan jar dezakeen produkturen bat edo produktu irregularren bat agertuz gero, erreakzioa berehalakoa da. 2007. urtean, 2.664 artikulu bildu ziren sare horretan eta gehienak Txinatik, zetozen; horietatik 81 artikulu atzeman ziren euskal merkatuan eta guztira 7.109 ale erretiratu ziren. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak 22 artikuluri buruzko alerta eman zuen; artikulu horien erdiak laser-izpiak imitatzen zituzten armak ziren eta begietan lesioak eragiteko arriskua zuten.
Alerta Sarearen bidez jardun garrantzitsuak burutu ziren iaz, osagaien artean substantzia kaltegarriak izan zitzaketen produktu jakin batzuei dagokienez. Esate baterako, berun asko duten iman eta pinturak dituzten zenbait jostailu, asko eta asko marka ezagunetakoak. Herritarren artean alarma-egoera piztu zuen kasu horrek eta ikuskapen-jardun ugari burutu ziren horren ondorioz.
Euskadin, 1.080 jostailu ale erretiratu genituen iaz merkatutik, eta horietatik 829 Mattel markakoak ziren. Nabarmendu behar dugu kasu horretan enpresak berak eman zuela artikulu horiei buruzko alerta eta dendetatik kentzeaz ere enpresa hori arduratu zen.
Kontsumitzaileen artean alarma handia eragin zuen beste artikulu bat dentifrikoa izan zen; izan ere, osagaien artean dietilen glikol substantzia zuten zenbait marka atzeman ziren, eta substantzia hori kaltegarria da osasunarentzat. Euskal merkatuan, dentifrikoaren 3.457 ale ibilgetu ziren etiketak behar ez bezala izateagatik; kasu horretan, salaketa batek eragindako ikuskapenaren ondorioz gertatu zen dena, eta ez Alerta Sareak eraginda. Laborategira laginak ere bidali ziren, substantzia kaltegarriak ba ote zituzten egiaztatzeko.
Taula: alerta piztu eta euskal merkatutik erretiratutako produktuak (2007) (pdf, 24 Kb)
Donostia-San Sebastián, 2008ko martxoaren 15a
|