Garrantzitsua: nortzuk dira kontsumitzaileak eta erabiltzaileak
Honako hauek betetzen dute baldintza hori: pertsona partikular gisa ondasunak, produktuak edo zerbitzuak erosten edo erabiltzen dituztenek, betiere hornitzailea enpresa edo profesional bada.
Zeintzuk ez dira kontsumo arloak
Enpresen eta profesionalen arteko produktu edo zerbitzuen salerosketak.
Auzokoen arteko gatazkak.
Partikularren artean egiten diren salerosketak.
Epaitegietara jo aurretik...

Establezimenduan edo enpresan bertan plantea ezazu zure kexa, eta saia zaitez adiskidetasunezko akordio bat lortzen.
Enpresa Kontsumoko Arbitraje Sistemari atxikia badago, eska ezazu. Horrela, gatazkak konponbide bizkorra, erraza, inpartziala, doakoa eta bi alderdiek nahitaez bete beharrekoa izango duela ziurtatuko duzu.
Atxikia ez badago, eska itzazu Erreklamazio-orriak eta entrega ezazu kopia bat kontsumo-bulego batean edo Kontsumitzaileen Elkarte batean. Administrazioaren bidetik edo elkartearen bidez, alderdien arteko bitartekotza egingo da akordio bat lortzen saiatzeko.
Eusko Jaurlaritzak isun batekin zigortu ahalko du enpresa edo establezimendua irregulartasun bat egin dela egiaztatzen bada.
Eta gogoan izan
Argi eta garbi zehaztu behar dituzu erreklamazioa eragin duten gertakariak eta zeintzuk diren zure asmoak.
Gertakariak frogatzen dituzten frogak eduki behar dituzu.
Erreklamazioa oinarritu ahal izateko, gertatutakoa frogatzen duten agiri guztien kopiak erantsi behar dituzu (faktura, tiketa, kontratua, aurrekontua, bermea, publizitatea...) eta gorde originalak.
Auzibidezko erreklamazioak
Kontsumo-gatazka batean enpresarekin akordiorik lortu ezin denean eta enpresak ez duenean onartzen Kontsumoko Arbitraje Sistemaren pean jartzea,epaitegietan demanda bat aurkezteko aukera bakarra geratzen zaigu.
Kasu horietan, Kontsumitzaileen Elkarte batera jotzea komeni da, kasua aztertuko baitu auzibidean aukerarik egon litekeen ikusteko. Bete beharrezko baldintza bakarra elkartekide izatea duela, doako aholkularitza eta defentsa izan ahalko duzu, gehienez ere 900 euroko erreklamazioetarako, erakunde horien ta Eusko Jaurlaritzaren artean lorturiko akordio bati esker.
Elkarte baten zerbitzu juridikoen babesa izateak indar-desoreka saihesten du, aholkularitza-ekipo espezializatuak dauzkaten enpresei bakarka aurre eginez ero izan zitekeen indar-desoreka, alegia.
Ez da ahaztu behar Administrazioak ezin duela enpresa edo establezimendu bat kalte-ordain bat ordaintzera behartu. Administrazioaren lana alderdien artean bitartekari izatea da, betiere konponbide bat bilatzeko, eta zigor ekonomikoak jartzea irregulartasunak ikusiz gero.
Zalantzarik baduzu
Kontsumoko informazioko doako 900 600 500 telefonoa eskura duzu, baita www.kontsumo.net Web-orria ere.
Kontsumitzailearentzako Udalaren Informazio-Bulego batera jo dezakezu, baita Kontsumitzaileen Elkarte batera edo Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren Lurralde-bulego batera ere.
|