|
Gonzalo Sáenz de Samaniegok, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuak, Transgenikorik gabeko Eskualdeen Europar Sarearen ondorioak aurkeztu ditu gaur Bilbon. Europako 40 eskualde baino gehiago izan dira bileran. Bilera hau, kalitatezko nekazaritza-ekoizpenen eta ekoizpen autoktonoei eustearen alde egiteko Eusko Jaurlaritzaren estrategian barne hartzen da, Jaurlaritzak eta Eusko Legebiltzarrak onartutako estrategian, alegia.
Gainera, bilera honen ondoren, GEOrik gabeko Eskualdeen Europar Sarearen presidentziaz arduratu eta kalitatezko elikagaien aldeko apustua zuzenduko du Europa mailan. Honek, Euskadiko nekazaritza-administrazioek garatutako politikaren onespen sendoa adierazten du.
Bi egunetan zehar garatutako lan-saioetan, besteak beste, honako akordio hauek ezarri dira:
- Produktu transgenikoek nekazaritza-produkzioen homogenizazioa dakartzatela eta produktu autoktonoetan eta kalitatezko produkzioetan oinarritako politiken aurka egiten dutela berrestea.
- Sareko kide diren eskualdeek urteetan lan egin dute beren izena beren produktuen kalitatearekin lotzeko, transgenikoak kalitatean funtsatutako bereizketa-politika horren aurkako mehatxu garrantzitsuak izanik.
- Europako Batzordeari, kalitatezko eta bertako produkzioen liburu berdean elikagai transgenikoak kanpo uzteko baldintza jaso dezala exijitzea.
- Biodibertsitate eta produkzio autoktonoen babesa gobernu ororen erantzukizuna dela eta labore transgenikoak eta transgenikoak ez direnak bateratzeko araudiak bideraezinak direla gogoraraztea. Beraz, horiek ezarri behar dira, ez transgenikoen ekoizpena baimentzeko, ekoizpen tradizional eta ekologikoak babesteko eta transgenikoen produkzioak ekiditeko baizik.
Akordio politiko hauek ez ezik, transgenikorik gabeko elikagaietarako eskualde guztietan jarriko den nortasun-ikurra sortzeko erabakia ere hartu da. Euskadik proposatutako hau, transgenikoen eta transgenikoak erabiltzeko presioa egiten duten lobby ekonomikoen aurkako borrokan aurrerapen garrantzitsua da.
Europa mailako lankidetzan lehen aldiz ematen den jazoera da hainbeste eskualdek taldea osatu, kontsumitzaileei zuzendutako nortasun-ikur komuna sortu eta berori erabiltzeko baterako pleguak ezartzeko elkarrekin lan egitea.
Akordio horiek gauzatzeari esker, ekoizleak eta kontsumitzaileak elkarrengana hurbiltzeko betiko xedea gertuago egon daiteke eta, ondorioz, baita Europan kalitatezko nekazaritza- eta elikadura-ekoizpenaren zati handi baten babesa eta etorkizunari begirako bideragarritasuna ere.
|