Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Industria
 

WAI-A

Azken eguneratzea: 2008/05/08
Energia-ikerketa Kooperatiborako Zentro berria aurkeztu du Ana Aguirre sailburuak, energia alternatibo berrien inguruan ikerketa lanak egingo dituena.
Arabako Teknologia Parkean egoitza izango duen CIC energiGUNEko zuzendari nagusia Jesús María Goiri da.
  • Energia alternatiboak sustatzeko zentroan, gehienbat olatuen energia, bioerregai eta energia-erregai pilen biltegiratzeari lotutako ikerketa lanak egingo dira.
  • Energiaren I+G alorrean Europako erreferentzia gunea Euskadin izatea eta euskal energia sektorearen lehiakortasunaren hobekuntza bideratzea dira helburuak.
  • Enpresa, unibertsitate eta zentro teknologikoen ikerketa ahalmena bilduko du.
  • CIC energiGUNEn egingo den inbertsioa 30 milioi eurokoa da.

Gasteiz, 2008ko maiatzaren 7a -Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburu Ana Aguirrek emandako prentsaurrekoan Energia-ikerketa Kooperatiborako Zentro berria, CIC energiGUNE deritzona, eta zuzendari nagusia, Jesús María Goiri jauna, aurkeztu ditu. Zuzendari horrek bideratuko du inoiz Eusko Jaurlaritzak energia alorrean egindako apustu handienetakoa: energia-iturri alternatiboen punta-puntako ikerkuntza.

 

Energia-ikerketa Kooperatiborako Zentro berriak, CIC energiGUNE izenekoak, energiaren arloko punta-puntako ikerketa garatzea ahalbidetuko du. Horretarako, energiari lotutako teknologia berriztagarriak ikertu eta garatzeko instalazioak eta laborategiak eraikiko dira. Ana Aguirrek “energia baliabide urriak edo mugatuak dituen gurea bezalako herri batean energia-ikerketaren garrantzia” nabarmendu du. Ildo horretatik, axola handiko eremu teknologiko hauek landuko dira: bioerregaiak, erregai-pilak, goi-tenperaturako eguzki teknologia termikoak eta itsas energiarekin zerikusia duten teknologiak, olatuen energia ustiatzeari begirako teknologiak nagusiki. Azken batean, energia arloko zientzia ahalmena garatu eta biltzeaz gain, hirugarren belaunaldiko teknologia alternatiboak sortu nahi dira.

 

Hori guztia behar bezala aurrera eramateko, Miñaoko Teknologia Parkean eraikiko diren instalazioetan teknologia handiko laborategiak egingo dira.

 

Era berean, Euskadin energia alternatiboen esparruan diren baliabideak eta ahalmena osatzeko eta hobetzeko asmoz, zentro espezializatuen sare bat eratuko du CICek, ezagutza elkarrekin sustatu eta partekatzeko eta haren berri elkarri emateko. CIC birtual horrek enpresa, zentro teknologiko, unibertsitate eta energiaren alorrean diharduten zentro guztien interesak eta ahaleginak biltzearekin batera, nazioartean erreferentzia izango diren lankide estrategikoen sarea eratu eta sendotuko du.

 

Ekimen edo proiektu honen helburua da enpresetara bideratzea sortuko den ezagutza guztia. Hartara, maila handiko berrikuntza teknologikoa sortuz, euskal enpresei onurak ekarriko dizkie lehiakortasunaren ikuspuntutik. Aldi berean, energia alorra sendotuko da eta kualifikazio handiko enplegua sortuko da. Izan ere, energiGUNE zentroak berak Euskadiko zientzia eta teknologia esparruko ikertzaile kopurua handitzea ekarriko du .

 

Jesús María Goiri, CIC energiGUNEko zuzendari nagusia

 

EnergiGUNE egitasmoa aurrera eramateko aukeratu den zuzendari nagusiak, Jesús María Goirik, esperientzia handia du energiaren arloan. Bi legegintzaldiz EEE/EVEko zuzendari nagusia izateaz gain, Bahías de Bizkaia energia proiektuaren sustatzaile nagusienetakoa ere izan da. Oraingoan, CIC energiGUNEko zuzendari nagusi karguak erronka berria dakarkio: energiaren I+G+b alorrean Europako erreferentea bilakatzea Euskadiko ikerketa zentro berri hau.

 

Hautatu berri den zuzendari nagusiak egin beharreko lehen zereginetako bat da punta-puntako ikertzaile talde bat eratu eta antolatzea, gunerako aurreikusitako lan ildoak garatzeko eta nazioarteko lankide-sare bat sendotzeko. Zeregin horiek aurrera eramateko, ezinbestekoa da energiaren arloa sakontasunez ezagutzea; hain zuzen ere, zuzendari nagusi berriak EEE/EVEko Nazioarteko Sailean izandako urteetan jasotako ezagutza duena.

 

7 Ikerketa Kooperatiborako Zentro dira Euskadin

 

Energiaren CIC berriarekin batera, dagoeneko, Euskadin 7 Ikerketa Kooperatiborako Zentro daude: Manufacturing-eko marGUNE, Turismoko tourGUNE, Biozientzietako bioGUNE eta biomaGUNE, Mikro eta Nanozientzietako mikroGUNE eta nanoGUNE Zentro horiek eratzean, besteak beste, nazioarteko zientzialariak eta ikerlariak Euskadira ekartzeko daukaten ahalmena eta nazioartean zehar ezagutza zabaltzeko gune gisa duten ahalbidea hartu da kontuan. Jarduera sektore guztien lehiakortasuna hobetzeko, CIC guneek bi ekarpen nagusi egingo ditu: alde batetik, lankidetzari esker lortzen den ikerketa ahalmen fisiko eta birtuala handitzea; eta bestetik, merkatura hurbiltzeko bidea ematen duena, enpresen presentzia aktiboa adierazten duena.

 

Hain zuzen ere, 2010eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak nahiz Eusko Jaurlaritzaren 3E-2010eko Euskal Energia Estrategiak finkatutako lan ildo nagusien artean, lankidetza interdisziplinarioaren sustapena eta ezagutzaren sorkuntza daude, energia aurrezteari eta energia berriztagarriak ustiatzeari begira. Lan ildo horietan oinarrituta, etorkizunean energia-iturri berriztagarri eta eraginkorren protagonismoa nabarmena izango dela baieztatu daiteke eta Euskadiren energia premiak behar bezala ase edo beteko direla energia-iturri horien bidez. Horrezaz gain, Euskadira inbertsioak eta aberastasuna ekartzearekin batera, nazioartean erreferentea izango den energia alorra sendotu nahi dute.

 

Aipatutako helburuak betetzeko, 2010 urtera arte, 30 milioi euroko inbertsioa aurreikusi da CIC energiGUNE abian jarri eta bideratze aldera. Guztira, 3E-2010 Energia Estrategian energia berriztagarriei lotutako inbertsioak 1.083 milioi eurora iristen dira, baliabidearen 977.800 tpb aprobetxatzea ahalbidetuko dutenak. Beste modu batera esanda, energia-iturri berriztagarrien bidez ase edo betetzea gure energia-eskariaren %12.

 

Informazio gehiago:

Energiaren Euskal Erakundea (EEE/EVE)
José Ramón Epelde
Prentsa eta Komunikazio Saila
Urkixo zumarkalea, 36. 1. solairua
48011 Bilbo
Tel.: 944.035.600
jrepelde@eve.es
http://www.eve.es