|
PIPE 2000 - 2003
Ekonomia Sustapenerako Erakundeen arteko Planaren aurkezpena
-Erabateko plana -Planaren laburpena -Planaren akordioa -Jarduketa egitaruak -Jarduketen balantzea
Hemen aurkezten dugun Ekonomia Sustapenerako Erakundeen arteko Plana proposamena baino gehiago da. Izan ere, horrez gain, apustua da, eta ekintza publikoaren arlo horretan Euskadiren etorkizuneko garapenari aurre egiteko ardurari heltzea ere bai.
Hala bada, proposamena da, gure etorkizun hurbilena eratzeko lanetan parte hartzeko interesa duten guztientzat irekia dagoelako. Gurekin elkarlanean arituz, aurrera eramaten laguntzeko prest dauden erakunde publikoei, ekonomia- eta gizarte-eragileei, enpresei eta, oro har, herritarrei zuzendutako proposamena da, batez ere Euskadikoentzat, baina baita Euskaditik kanpokoentzat ere.
Orobat, apustua da, helburuetan asmo handiak eta arriskua dakartzalako, baina betiere Plana aplikatuko den inguruko errealitatetik aldendu gabe.
Azkenik, ardura bat da, dituen egitarau-oinarriak galdu gabe, hainbat sentikortasun neurririk handienean osatzeko lan, eztabaida eta adostasun orokorreko ahalegin handi baten emaitza delako.
Abiaburu gisa, premisa hau hartu dugu: etorkizuna eraiki egiten da. Koiunturak gorabehera, esperientziak erakusten digu geure ekintzen isla garela. Gure etorkizuna, neurri handi batean, geure baitan eta etorkizuna imajinatu eta abiarazteko daukagun gaitasunaren baitan dagoela. Horretarako, badugu ongi oinarrituriko ekonomia- eta gizarte-egoera, aurrera egiten jarraitu ahal izateko. Abiaburuko egoera bikain hau da ustiatu behar dugun lehengaia eta landuko dugun gaia.
Protagonismo aktibo horrek eskatzen digu gure espazioa eta denboraren kontzepzioa lot ditzagula etorkizunaren giltzekin. Bi dimentsioei zeharo eragin die globalizazioaren fenomenoak, bai eta teknologia berriek, oro har, eta komunikazio-teknologiek, bereziki, ere. Lotura horretarako, ezinbestekoa dugu bete-betean sartzea informazioaren eta ezagueraren aroan, kalitatearen eta berrikuntzaren aroan. Izan ere, horiek guztiak oinarrizko lanabes ditugu globalizazioa abagune bihur dadin, eta mehatxu gisa desager dadin, horrela aldaketen zurrunbiloak dakarren abaila geureganatu ahal izateko.
Aldaketa horiek, ekonomia-harremanei ez ezik, gizarte-harremanei eta balio kolektibo eta indibidualei ere eragiten ari zaie. Globalizazioa ez da ekonomiako fenomenoa, huts-hutsik. Eragin itzelak ditu, gainera, gizartean eta kulturan eta, ondorioz, elkarren menpekotasuneko harremanetan oinarriturik dauden munduko oreketan ere.
Baina, itxuraz bestela uste izan daitekeen arren, globalizazioak ez dakar uniformetasuna, baizik eta aniztasunaren kontzientzia handiagoa. Mundu irekiagoa, hurbilagoa izateak, ez du esan nahi, eta ez du esan nahi izan behar, pluraltasun txikiagoko mundu bat izango dugula. Bitxia bada ere, ezberdinagoak izateko aukera ematen diguten eskubideak, balioak edo tresnak dira unibertsalizatzen dena. Ezberdintasunak ematen du balioa. Kolektiboak banakoari bere sormen osoa gara dezan sustatu eta eragiteko balio du.
Horrenbestez, mundu global batean, tokian tokiko eremura mugatzen ez den mundu batean, ez du garrantzirik galtzen, baizik eta bizigarritasuna irabazi, ingurune hurbilenarekin identifikazio handiagoa izateak. Posizio guztiak erlatiboak dira, eta gero eta areago erlatibizatzen dira. Ikuspegiak zabaldu egiten dira, eta, beraz, erreferenteek garrantzi handiagoa hartzen dute. Gu gara geure erreferente nagusia, seguraski haren gainean erabak itzeko eta eragiteko ahalmena dugun erreferente bakarra. Horregatik da honen garrantzizkoa geure ekintza-ahalmena. Emaitza berez etorriko zaigu.
Horixe da Ekonomia Sustapenerako Erakundeen arteko Planaren helburua: munduko ekonomian lehiatzeko eta eusteko ahalmenarekin tokia hartzeko aukera emango diguten tresnak eskaintzea.
Plan hau hobe daiteke, eta, edozein prozesu bezala, dinamikoa da berez. Hala bada, etengabe hobetu beharko da, etengabe hausnartu beharko da ekintzan duen eragingarritasuna areagotzearren. Sarearen bidez, Industria, Merkataritza eta Turismo Sail osoko ate birtual bat ireki nahi dugu, gure plan estrategikoa plazaratuz. Gerora, Plana garatu eta aurrera eramateko beste plan eta egitarau batzuk ere agertuko dira.
Aldez aurretik eskertzen dizkizuet helburu hauek zeuenganatu nahi dituzuen guztiok egiten dituzuen ekarpenak, eta trabarik gabe parte hartzera animatzen zaituztet zeuen ekimenak, iritziak eta iradokizunak helaraz nahi dizkiguzuen guztioi.
Nire agurrik beroena,
J. J. Imaz.
Azken eguneratzea: 2001/10/19
INDUSTRIA, MERKATARITZA ETA TURISMO SAILA
|