|
Gobernu Kontseiluak, Merkatal jarduerari buruzko legearen bigarren aldaketaren lege-aurreproiektua onartu du gaurko bileran. Bertan aurreikusitako aldaketa azpimarragarrienak honako hauek dira:
- Merkatal-ordutegiak arautzea: Merkatal-ordutegien araudia zabaldu egiten da, 150 metro koadrotik gorako establezimenduei aplikatuz. Egun, 400 metro koadrotik gorakoak baino ez ziren aurreikusten ordutegien araudian (2005.eko 33.dekretua, otsailaren 22koa).
- Lege-hausteak eta zigorrak: Merkatal-ordutegien araudia hausten dutenentzako zigorrak ezartzen dira, 30.000€ eta 600.000€ bitartekoak, lege-haustearen larritasunaren arabera.
- Merkatal-azoka ofizialak: Merkatal-azoka ofizialak antolatu edota egiteko baimenaren beharra kendu egiten da, Europako Batzordeak ezarritako arauekin bat etorriz.
- Merkatal-orientaziorako programak: Udaletxeek merkatal-orientaziorako programak onartzeko aukera aurreikusten da, hain zuzen ere lankidetzarako egitura publiko-pribatuen sorrera bultzatzeko.
- Eta aldaketaren atalik garrantzitsuena honako hau da: merkatal lizentzia bakarra emateko eskumen osoa udaletxeei emango zaiela. 2009.urte amaierarte lehen udal-lizentziaz gain, beharrezkoa izango da Eusko Jaurlaritzaren 2.merkatal-lizentzia jasotzea. Lege hau indarrean sartzen denetik aurrera, Hirigintzako Udal Plangintzaren egokitze prozesua hasiko da, non merkataritza elementu gehigarritzat aurreikusiko den. 2010.urtetik aurrera Udaletxeak izango dira merkatal lizentzia emango dutenak, tramite bakar batetan, eta udal bakoitzaren Plan Orokorraren bidez merkataritzak duen garrantzia kontutan hartuz.
Aipatutako aldaketok duten helburua hauxe da: herrietako merkataritzak gure bizitza-ereduaren oinarrizko elementu izaten jarrai dezala, tokian tokiko ekonomien, giza-harremanen eta herriko bizitzaren bultzatzaile gisa. Horrenbestez, Jaurlaritzak ezinbestekotzat jotzen du hiri-trinko eta gizarte-kohesionatuaren eredua mantentzea.
Helburu hau betetzeko, garatutako ekonomien joerak kontutan hartuz, beharrezkoa da merkaturatze-egiturak eta kanalak behar bezala antolatzea eta Euskadiren merkatal-lehiakortasuna ahalbidetuko duten estrategiak ezartzea.
Bestalde, aipatzekoa da Zerbitzuen Europar Zuzentaraura egokitzeko epea 2009ko abenduaren 28an amaituko dela, honenbestez gai honetan eskumenak dituzten erakunde guztiek beraien araudiak egokitu beharko dituzte. Europar zuzentarau horren helburua da zerbitzuak eskeintzen dituztenen ezarpenerako askatasuna bermatzea. Eta horretarako kontutan hartzen diren oinarriak dira lehia-askatasuna (enpresa eta zirkulazio askatasuna), elkarrekiko ebaluazioa (Estatuen artekoa) eta Lehia eta Lehiakortasuna (enpresa eraginkortasuna eta araudiaren indarra gutxitzea).
Vitoria-Gasteiz 2008-01-29
|